Astelehen honetan, martxoaren 9an, 3 hilabete pasa iraun duen mobilizazio baten ondoren eta aste batez Ipar Euskal Herria zeharkatuz euri eta harri pean iragan den Martxa eta gero, Bizi! elkarteak Ipar Euskal Herrian, lurraldearen metamorfosi ekologikoaren Ituna izenpetu duten 80 zerrenda zenbatzen ditu.
Zerrenda izenpetzaile horiek handitasun guzietako herriak eta sentsibilitate guzietako taldeak (herritarrak eta tendentzia politiko guzietakoak) ordezkatuko dituzte martxoaren 15 eta 22ko hauteskundeetan, Ipar Euskal Herri osoan. Ituna 2020 izenpetuz, engaiatuak dira beren kargualdi osoan, herriko etxe mailan edo elkargo mailan ukanen dituzten ardura eta baliabideak lagun, 7 tematiketan ekiterat: mugikortasun aktibo eta garraio kolektiboetan, egoitzen energia menperatzean, energia berriztagarrietan, hondakinen murrizketan eta ekonomia zirkularrean, elikadura biologikoan eta tokikoan, eta laborantzarentzat onak diren lur eremuen babestean, ekonomiaren birtokiratzean Euskoa den tokiko moneta ekologiko eta solidarioa babestuz, eta Klima Planaren herriko deklinazioaren bidez. (...)