Palestinan gertatzen denak izenik ba ote du? Estatu-terrorismoa litzateke nire ustez egokiena, zuzenena. Israel palestinarrekin Estatu «voyou» bat bezala portatzen da, eta ez da gauza berria, 1948ko triskantza bazter utziz ere: 48 urte honetan Gazako zerrenda setiatzen du, Zisjordania botaren azpian atxikitzen puskilatua, apartheid bortitzenean murgildua.
Eta Mundu guziak badaki, baina mundu osoa isilik dago, edo hain guti mintzo, eta hain apal! Beti beste arazo batek gaina hartzen dio: adibidez gaur Irak eta Siriako tragedia lazgarriak; hau ez da txantxetakoa naski. Baina hau ez balitz, beste bat litzateke oztopoa, eta zinezko arazorik ezean, aitzakiaren bat, den mendreneko estakuru bat Israeli aski lekioke.