PAF - LoverDose, maitasunari buruzko festibala, patriarkatua inarrosteko, hiru egunez Baionan iraganen da, maiatzaren 19tik 21era. 3 egun denak hunkitzen gaituen gai baten lantzeko: maitasuna eta maitasun-harremanak jendarte patriarkalean. Zendako baldintzatu behar luke gure maitatzeko manera azalaren koloreak, gaitasunek, adinak, egoera ekonomikoak edo hankartean dugunak? Zendako onartu behar genuke gure gorputzekin deus ikustekorik ez duten gorputz eredu bat desiragarri bakarra bezala? Zendako behar luke bikoteak helmuga izan? Maitasunak indarkeria ekartzen ahal du?
Anitz dira maitasunari eta patriarkatuari buruz aurki ditzakegun edukiak, baina ez da hain erraz aurkitzen elkar entzuteko espaziorik, Euskal Herrian bertan ere ez. Testuinguru horretan PAF ! elkarte feministak LoverDose festibala antolatzen du. Asteburu bat Baionan : mahain-inguruak, tailerrak, proiekzioak, podcastak kolektiboki entzun eta aipatzeko aukera, erakusketak, performance artistikoak, kontzertuak eta festarako momentuak elkarrekin pasatzeko parada, gaiaren inguruan hausnartuz. Egitarau zehatza eta izen emateko loturaik jarraian. (...)