Egoitz Urrutikoetxea eta Terexa Lekumberri, 4. hautesbarrutian EHBai-en hautagaiak - Azken urteetan herritik eta herriarentzat eman urrats guziek jendartearen bilakaera ezin argiagoa eragin dute. Egun, bestelako jendartearen aldeko hautua ez da utopia soila, baizik eta egunerokoan eraikitzen ari den errealitatea. Izan laborantzan, kulturan, hizkuntzaren sailean, ekonomian, sozial sailean, inguramenaren zaintzan, ala elkartasuna ardatz duen herritaren arteko elkarbizitzan, bestelako Euskal Herri bat irudikatzen duten proiektuen indarra sekula baino agerikoagoa da. Haizea kontra genuela egin dugu bide. Zenbat min eta sofrikario. Baina zenbat une bozkariagarri eta zorioneko. Borroka bidearen alde gogor eta samurrek egin gaituzte garen bezalakoak. Elkartasunaren indarra hezur-haragitan daramagu. Eta elkarrekin eskuz esku aritu beharra dugu iparrroratz. Herritik, herriarekin eta herriarentzat.
Hauteskunde legegileetara aurkeztea urtean zehar eremaiten dugun lanaren jarraipena baizik ez da. Egunerokoan pairatzen ditugun arazo eta agertzen zaizkigun behar ezberdinei aterabideak guhaurek eraiki behar ditugula ikasia dugu joan den aspaldian. Baina, hauteskundeak ere badira horiek guziak aipatzeko, eta beharrezkoak ditugun gainerateko urratsbideen aldarrikatzeko mementoa... Haatik, ez daigun ahantzi nondik heldu giren. Ez daigun ahantzi ekinbideen eta borroka bideen osagarritasunaren funtsa. Ez daitekeela aitzinamendurik instituzioetan herritik eta karrikatik pusatzen ez baldin badugu. Eta karrikatik arituz soilik ibilbide laburra dukegula eman urratsak egonkortzeko instituzioen babesa lortzen ez baldin badugu. Karriketan eta herri mugimenduetan behar dugu zango bat, eta instituzioetan bigarrena. Ahantzi gabe iparra herriak duela karrikan marrazten.(...)