Patxi Saez Beloki - Euskaraldiak, batez ere, euskara eta euskaldunak ikusgarriago bihurtu ditu. Hamaika egunetan, perretxikoak balira bezalaxe, euskaldunak azaldu egin dira orbel azpitik. Lehenengo Euskaraldia perretxiko kolpe handia izan da Euskal Herriko gizartearen pagadian: 225.000 buru azaldu dira euskal gizartearen komunikazioaren plazara, euskararen espazio fisiko eta sinbolikoaren jabe egitera. Perretxiko horietatik sekula probatu gabekoei, perretxiko aluzinogenoak iruditu zaizkie, izan ere, beraien eguneroko errealitate linguistikoan orain arte inoiz ezagutu gabeko komunikazio egoerak gertatu baizaizkie.
Euskararen sustapenean eta aurrerabidean mugarri berriak jarri nahi baditugu, Euskararen Herria egituratzen duten erakundeak —lan erakundeetatik hasi eta azken herri-erakunderaino— eta denen artean, bereziki gure irrati-telebista, Euskaraldiaren dinamikara ekarri behar ditugu. Sistema goitik behera eta behetik gora aldatu nahi badugu, dinamika berean murgildu behar dugu sustraietatik azken adarreraino.(...)