Patxi SAEZ BELOKI - Gure gizarte elebidunean, eta gurea bezalako ahuldutako hizkuntza duten gizarte elebidun guztietan, horixe gertatzen da: erdaldunek erdaraz egiteko duten nagusitasunetik beren hizkuntza eskubideak aldarrikatzen dituzte, baina euskaldunek euskaraz egiteko duten eskubideari buruzko ardurarik hartu gabe eta horretan daukaten erantzukizuna kolkoratu gabe. Lagun hurkoaren askatasun eskubideaz arduratuko balira, euskaldunok erdara ulertzen dugun neurri berean ulertu beharko lukete erdaldunek euskara. Argi eta garbi mintza gaitezen: erdaldun asko, euskararik ulertu gabe, euskararen gor-mutuak izanda, pribilegio horrekin, bizi dira gure artean. Eta, pribilegio horretatik, euskara ez ulertzetik, galarazi egiten zaigu euskaldunoi euskaraz egiteko askatasuna. Gizarte demokratiko orotan, askatasuna, herritarrek elkarri aitortutako askatasuna, elkar hartuta eta elkarri errespetua erakutsita baino ezin da hezurmamitu.
Euskaraldiak, azken batean, funtsezko eskubide unibertsaletan oinarritutako gizarte hitzarmena proposatzen du. Gizartearen baitako adostasunetik —askatasunaren eta berdintasunaren sustrai demokratikoetan errotutako adostasunetik— hizkuntzen arteko berdintasun soziala lortzea helburu duen gizarte hitzarmena proposatzen du Euskaraldiak. Hain zuzen ere, Euskaraldia gizarte bereko hizkuntzen arteko berdintasuna lortzeko ekinbidea da; hizkuntzen berdintasunerako gizarte ekintzailetza sustatzeko jarduera. Euskaraldiak, hizkuntzen arteko gizarte oreka lortze aldera, elikatu egiten du ahulezia egoeran dagoen hizkuntzaren aldeko hiztun-hautua. (...)