Piarres Charritton, euskararen sua eta garra
Euskaltzaindiaren Agiria - Piarres Charritton euskaltzain emeritua hil da, Baionan, 95 urte zituela. Hazparneko (Lapurdi) Ehulateia etxean sortu zen Piarres Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Filosofian lizentziaduna, Teologian eta Euskal Ikasketetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izateari utzi eta erretiroa hartuta zegoen, aspalditik. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950eko urriaren 27an, eta euskaltzain oso 1985eko uztailaren 19an (sarrera hitzaldian Piarres Lafitteren bizitza eta lana gogoratu zituen). Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik.
Ele indartsuko gizona, ekintzaile aparta, euskalgintzaren erreferente nagusietako bat izan da Ipar Euskal Herrian eta harago.