“Gure esku dago” hiru oinarri dituen mugimendu zibil bat da. "Herri bat gira, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da." Hiru oinarri horiekin bat datozen ikusmolde guziak biltzen dituen sare bat da. Zernahi gai izan daiteke herritarrontzat kontsultagai, baina batez ere gure lurralde antolaketari dagozkionak, zein herritan edo lurraldetan bizi nahi dugun, eta nolako harremanak nahi ditugun inguruko lurraldeekin.
Gogoeta horrekin bat egiten dutenak, eta gure herri izaera onartu, eta herri horrek erabakitzeko eskubidea behar duela pentsatzen duten guziak, deituak dira Baionara ekainaren 21ean. Ez dira alderdi politikoak, ez eta kargudunak, deituak, baizik eta pertsonak, banakabanaka, beren izen eta abizenekin, eta bakoitza bere pentsatzeko manerarekin, baina oinarri komun batekin. Eta oinarri hori da "gu herri bat garela, eta badugula gure etorkizuna, erabakitzeko eskubidea."